Bidezko Merkataritzaren eta Finantza Etikoen aldeko Manifestua: Ekonomia Bidezkoago eta Iraunkorrago baterantz
Desberdintasuna, ingurumen-krisia eta gure eredu ekonomikoak eraldatzeko premia nagusi diren mundu honetan, bidezko merkataritza eta finantza etikoak aukera zehatza dira ekonomia inklusiboagoa, iraunkorragoa eta pertsonengan oinarritua eraikitzeko. Manifestu hau herritar, elkarte eta administrazio publiko guztiei zuzenduta dago, gure erabaki ekonomikoak justiziaren eta erantzukizun sozialaren balioek gidatuko dituzten etorkizunarekiko konpromiso kolektiboa sustatzeko.
Bidezko merkataritza merkataritza-aukera bat baino gehiago da; lan-esplotazioaren eta hornidura-kateetako ekitate ezaren aurka borrokatzeko tresna bat da. Eredu horretan, ekoiztetxeek eta langileek beren lanagatik bidezko ordainketa jasotzen dute, lan-baldintza duinak sustatzen dira eta gardentasunean eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako merkataritza-harremanak ezartzen dira. Praktika horiek emakumeen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeaz gain, tokiko ekonomiak ere indartzen dituzte, eta eragin positiboa sortzen dute maila globalean.
Guk, kontsumitzaile garen aldetik, bidezko merkataritzako produktuak aukeratzen ditugun bakoitzean, kalitatezko ondasunak eskuratzeaz gain, garapen iraunkorra eta justizia soziala sustatzen duten praktikak ere babesten ditugu. Merkataritza honi esker, komunitate beren ahalmen ekonomiko osoa lor dezakete, baliabideen banaketa bidezkoagoa sustatuz eta emakumeak, komunitate hauetan askotan funtsezko zutabe izaten direnak, aukera berberak izango dituztela ziurtatuz.
2. Finantza etikoak: printzipioak dituen finantza-sistema
Finantza etikoek alternatiba bat eskaintzen digute finantza-sistema tradizionalaren aurrean, eta inbertsioak gizartean eta ingurumenean eragin positiboa duten proiektuetara bideratzen dituzte. IIkuspegi finantzario horrek diruaren zeregina pertsonen bizitza hobetzeko, desberdintasuna murrizteko eta guztiei mesede egiten dieten ekimenak babesteko tresna bihurtzen du.
Finantza etikoen bidez, guk, inbertitzaile garen aldetik, ingurune ekonomiko arduratsuagoa sortzen laguntzeko aukera dugu. Ingurune horretan, finantza-erabakiek, onurak maximizatzeaz gain, gizarte- eta ingurumen-inpaktu positiboa sortzea ere bilatzen dute. Inbertsio mota horrek gardentasuna, kontu-ematea eta guztion onerako konpromisoa sustatzen ditu.
3. Finantza etikoak eta bidezko merkataritza lotzen
Bidezko merkataritzak eta finantza etikoek ekitatearekiko, iraunkortasunarekiko eta gizarte-erantzukizunarekiko konpromisoa partekatzen dute. Finantza etikoak, komunitateetan eta ingurumenean eragin positiboa sortzen duten inbertsioei lehentasuna ematen dietenez, funtsezko motorra izan daitezke bidezko merkataritzaren hazkundea bultzatzeko.
Adibidez, kultibo jasangarrien finantzaketaren bidez, nekazari txikien kooperatibek baliabideak eskura ditzakete nekazaritza-praktikak hobetzeko, makineria egokia eskuratzeko, nazioarteko ziurtagiriak lortzeko eta beren produktuen biltegiratzea eta merkaturatzea hobetzeko.
Laguntza finantzario etiko honek ekoizleek beren lanagatik bidezko ordainketa jasotzea bermatzen du, ingurumen-jasangarritasuna sustatzen du eta tokiko ekonomiak indartzen ditu. Horrela, finantza etikoak eta bidezko merkataritza elkarren osagarri dira eredu ekonomiko bidezkoagoa eta arduratsuagoa eraikitzeko.
Bidezko merkataritzak eta finantza etikoek gu guztion konpromisoa behar dute benetako eragina lortzeko. Funtsezkoa da elkarteek, administrazio publikoek eta gizarte antolatuak elkarrekin lan egitea praktika horiek sustatuko dituzten politikak bultzatzeko.Herritar garen aldetik, funtsezko rola dugu aldaketa horretan; gure erosketa- eta inbertsio-erabakiek ekonomia justuago bateranzko eraldaketa bultza dezakete.
5. Eraiki nahi dugun etorkizuna
Bidezko merkataritza eta finantza etikoak ez dira arazo ekonomikoei edo ingurumen-arazoei erantzuteko alternatibak soilik, baizik eta gure ekonomiak nola funtzionatu beharko lukeen ikusteko ikuspegi integral bat. Eredu honek pertsonak, eta bereziki emakumeak, erdigunean jartzen ditu, justizia sustatzen du eta planetaren mugak errespetatzen ditu. Ekimen hauek babestean, hazkunde ekonomikoa gizarte-ekitatearekin eta iraunkortasunarekin bat datorren etorkizuna eraikitzen ari gara.
Hau gu guztiontzako ekintzarako deia da: elkarrekin ekonomia justuago, inklusiboago eta arduratsuago bat eraiki dezakegu, non emakumeok dagokigun lekua hartzen dugun, gizarte eta ingurumen aldaketaren buru garen aldetik.