BIDEZKOA DA, MOZKINA GUZTIENTZAT BALDIN BADA
Urtean behin Oikocredit-ek bazkide bat eta inbertitzaileak elkartzen ditu bere roadshow-ean. Oraingoan Athanas Mathekaren txanda izan da, Keniako Greenforest Foods Limited-en sortzaileetarikoa bera.
Zer da zuretzat bidezko merkataritza, Matheka jauna?
AthanasMatheka: Nire iritziz, bidezko merkataritzaren funtsezko osagai bat ezagutza da. Hauek dira ekoizleen ohiko galderak: Nola ekoiztuko ditut produktu erakargarriak, eta nola helaraziko dizkiot jendeari produktu horiek? Bidezko eran jardun nahi dutenek informazioa eta heziketa eskaini behar dizkiete. Nekazariek informazio gehiago edukiko balute, onura handiagoa aterako lukete. Gainera, bidezko merkataritzak esan nahi du kalitate ona ematen laguntzea ekoizleei.
Geure erara egiten dugu bidezko merkataritza. Ezagutzen ditugu gure ekoizleak, eta banan ordaintzen diegu nekazariei. Beraz, badakigu dirua heltzen zaiela. Bilketaren egunean kakahueteak pisatu egiten ditugu, eta kamioia beteta dagoenean berehala ordaintzen diegu hornitzaileei, M-Pesa ordainketa mugikorreko zerbitzuaren bitartez. Ez dute banku kontu baten beharrik. Kenian inor gutxik dauka banku kontu bat, baina ia mundu guztiak dauka telefono mugikorra.
Enpresaburu modura, zer ekarpen egiten diozu bidezko merkataritzari?
AthanasMatheka: Gure konpromisoa da kontsumitzaileentzako janari seguru eta elikagarriak ekoiztea, era jasangarrian; gure lana gardena izatea tartean diren guztientzat; zuzentasunez ordaintzea, eta lan ingurune segurua sortzea enplegatuentzat. Nekazariekin uzta aurreko prezioak adosten ditugu, gurekin lan egin nahi duten ala ez erabaki dezaten.
FAIRTRADE ziurtagiria helburu desiragarria litzateke zuen enpresarentzat?
AthanasMatheka: Ona izango litzateke ziurtagiriak edukitzea, bai organikoak zein bidezko merkataritzarenak. Guretzat, merkatuko abantaila izango litzateke. Honainoko bidaian, enpresa txiki batzuk nirekin harremanetan jarri dira Alemanian. Merkatua prest dago, baina ekoizleak ez. Orain arte ziurtagiri organikoaz baino ez dut bilatu informazioa. Zaila eta garestia da gu bezalako enpresa txiki batentzat, eta ekoizleek banan-banan egon behar dute ziurtatuta. Hori ezinezkoa da laguntzarik gabe.
Zerekin borrokatu behar duzue, besteen aldean enpresa txikia izanda?
AthanasMatheka: Ezti naturala, erle-argizaria eta kakahueteak ekoizten ditugu. Bidezko merkataritzak esan nahi du baita denek merkaturako irispide berdina edukitzea ere. Hori ez da horrela. Gobernuaren mendean gabiltza eta gaur egun Europarako ezti esportaziotik baztertuta gaude, ez dagoelako esportazio nazionaleko "hondakinak kontrolatzeko planik" Kenian.
Kenian, erlezaintza klima errespetatzen duen aukera bat da abeltzaintzaren aldean. Abere hazkuntzak ingurumena kutsatzen du, lurzoruari kalte egiten dio eta gatazkak eragiten ditu eskualde gehienetan, ura eta larreak bezalako baliabideak gero eta urriagoak baitira klima-aldaketaren ondorioz. Erle afrikarra gogorra da, gaitz eta izurriek ez diote erraz erasaten eta ez dugu antibiotikorik erabiltzen erlauntzetan. Gure erle-argizariaren laginak Alemanian analizatu dituzte eta seguruak dira elikaduraren aldetik.
Greenforest Foods-entzat zer esan nahi du Oikocredit-ekin lankidetzan aritzeak?
Athanas Matheka: Gehien behar genuenean batu ginen Oikocredit-ekin. Kooperatibak presaz behar genuen finantzaketa eskaini zigun 2014an. Beste inork ez zuen horrelakorik egin nahi izan ziurtasunik gabe. 2015ean, gure bezero nagusietako hiruk porrot egin eta 40.000 euro galdu genituenean, Oikocredit-ek mailegu bat eman zigun, berriro ildoan sartzen laguntzeko. Harrezkero, makina berriak erosi ahal izan ditugu, enplegatuen kopurua 10etik 39ra igo, bazkide gehiago erakarri ditugu balio-katean zehar, baita bezero gehiago ere, tartean nazioarteko bi txikizkari, eskualdeko aireko linea bat eta jatetxe kate bat.
Zeren alde ari zara borrokan gaur egun?
Athanas Matheka: Aukera berdintasunaren aldeko ekintzailetzat daukat neure burua. Niretzat bereziki garrantzitsua da emakumeek leku nabarmenagoa izatea bai enpresen bai politikaren lidergoan. Nekazari ingurune apal batean hezi nintzen. Arazoak egoten zirenean, gehienbat emakumeek konpontzen zituzten. Emakumeak hobeak dira dirua erabiltzen, eta ekoizle talderik handiena osatzen dute. Kenian gizonezkoak dira lurren jabe. Beste nonbait lana topatzen dutenean herrialdearen zuzendaritza emakumeen eskuetan uztera bultzatzen ditugu. Emakumeek gehiago merezi dute, eta bidezko merkataritzak funtzionatzen duen lekuetan, emakumeek egokiro parte har dezakete. Lurrak errentan har ditzakete, ekonomikoki hazi eta sendotu daitezke. Horrek mesede egiten die familiei eta komunitateei.
GREENFOREST FOODS
Greenforest Foods Limited enpresa 2000. urtean sortu zen, Kenian. Erdi banaren jabe dira xxxxx eta haren emazte Catherine Mutiso. Produktu nagusiak eztia, kakahueteak, anakardoak eta erle-argizaria dira. EBra eta Japoniara esportatzen dira. 2018an, enpresak 693.000 euroren salmentak egin zituen. Xede-merkatuak Kenia, Uganda eta Tanzania dira. Enpresak gaur egun 40 bat langile ditu, eta guztira 5.000 nekazarirekin dihardu Kenian, Tanzania