Atzera begiratzea urtebeteko ibilbidea gogoratzeko, eta aurrera 2020koaren zain
Thos Gieskes Oikocrediteko zuzendari nagusiak atzera begiratu du Oikocrediten 2019ko ibilbidea errepasatzeko, eta aurrera 2020koa aztertzeko.
2020an, Oikocrediten 45. urteurrena izango da. Oikocredit 1975. urtean sortu zenean, eragin-inbertsioaren kontzeptua ezezaguna zen, eta harro gaude merkatu honen hazkunde esponentzialaren katalizatzaile izanaz; egindako kalkuluen arabera, 239 mila milioi dolar estatubatuarreko balioa du gaur egun. Orain, 45 urte igaro ondoren, gizarte-eraginean zentratuta jarraitzen dugu. Informazio gehiago duzu eskuragarri gure gizarte-eraginaren ikuspuntuari buruz gure 2019ko Eraginari buruzko Txostenean.
Gure lehentasuna diru-sarrera txikiak dituzten pertsonen bizitza hobetzea izaten jarraitzen du; izan ere, 700 kide ingururekin aritzen gara lanean finantza-inklusioaren, nekazaritza jasangarriaren eta energia berriztagarrien alorretan. Zalantzarik gabe, gure lana oraindik da beharrezkoa: 1.700 milioi heldu inguruk oraindik ez dute irispide egokirik finantza-zerbitzu formaletara, eta eskari handia dago garapen-bidean dauden herrialdeetan nekazaritzako eta energia berriztagarriko enpresa txikiak eta ertainak sortzeko.
Oikocredit 1975. urtean sortu zen eta ordutik asko aldatu da bai mundua, bai Oikocredit: 2019 berrikuntza eta trantsizioko urtea izan zen, baita gure interes-taldeei zerbitzu eraginkorragoa emateko egokitzeko ere. Asko aurreratu dugu gure 2018-2022ko estrategia ezartzen, eta gure eskualdeko erakundeetako zein erakunde nagusietako eredu operatiboak egokitu ditugu. Zoritxarrez, horren ondorioz gure lankide batzuei agur esan behar izan genien, beren funtzioak desagertu baitziren funtzionatzeko eredu eraginkorragoa ezartzean. Hori ez zen erraza izan inorentzat. Ahal izan genuen guztia egin genuen langile horiei babesa emateko, eta kontsolatzen gaitu jakiteak lankide horietako askok lanbide berriak aurkitu dituztela jada.
Estrategia ezartzearen ondorioz, aurrerapen handia egin dugu gure kostuak murrizteari eta garapenerako finantza-zorroaren errentagarritasuna hobetzeari dagokienez. Espero dugu hurrengo urteetan eguneratutako estrategiaren eragin osoa ikustea gure finantza-emaitzetan. Interes-tasa txikiek gure emaitzak ukitzen jarraitzen dute, eta lehia handiagoa da aktiboki jarduten dugun merkatu askotan.
Gure kideengandik gertu egoteak gure lehiakide gehienetatik bereizten gaitu; pertsonalki, niretzat oso garrantzitsua da gure kideak eta beren bezeroak noizbehinka bisitatzea. Ekainean, energia berriztagarriekin lan egiten duten gure Indiako kideak bisitatu ahal izan nituen; gizarte-ekintzaile horiek nabarmenki inspiratu ninduten, energia jasangarria eramaten ari baitira bestela horrelakorik egongo ez litzatekeen tokitara. Fourth Partner Energy gure kideari esker, nekazariek eguzki-energiaz elikatutako ur-ponpak dituzte, eta horien mekanismo sinple batek beren lurren ekoizpena areagotzen du. Oso pozgarria izan zen ikustea beharrizan gehien zuten pertsonak laguntzeko erabiltzen zela teknologia, hiri handietan ez ezik, baita landaguneetan ere.
Garrantzitsua izan zen ere gure inbertitzaileekin, kideekin, eta laguntza-elkarteekin batzea; laguntza-elkarte horietako batzuen 40. urteurrena izan zen 2019. urtean. Oikocrediteko laguntza-elkarteetako langileek nahiz boluntarioek egindako lan gogorra Oikocrediten funtsa da, eta erakunde berezi bihurtzen gaitu, baita eragin-inbertsioa sustatzeko mugimendu ere.
Urte berria hastearekin batera, gure indarguneak sendotzen jarraituko dugu: gure inbertitzaileen sare leiala, gure kideak eta 21 herrialdetan dauden gure langileak. Gure ibilbide estrategikoarekin jarraituko dugu, gure lan egiteko zein lankidetan jarduteko modua hobetzeko, eta egiten dugun guztian gure kideak presente daudela ziurtatzeko.
Nire ustez, erakunde gisa garrantzitsuak izaten jarraitzeko eman ditugun urratsek areagotuko dute kideekin eta inbertitzaileekin lan egiteak dakarren poztasuna, betiere diru-sarrera txikiak dituzten komunitateetako pertsonen bizitza hobetzeko misioa lortzearren. Gure misioa betetzeko bidaian gurekin bat egitera animatzen zaituztet.