Road-show 2019
Urtero egiten den Road Showaren bueltan, Oikocredit Euskadik Athanas Mathekaren bisita jaso zuen. Oikocredit Internationalen Keniako bazkide den Greenforest Foods nekazaritza-antolakundearen fundatzailea eta zuzendaria da Matheka.
Zortzi ordu bizi igaro genituen Athanasekin. Hala, Oikocredit Euskadiren bazkide den Anesvaden egoitzan jarduera bat egin genuen, eta hainbat erakundetako bazkide eta kideek landa-inguruneko Afrikako errealitatera gerturatzeko aukera izan genuen. Izan ere, errealitate horri urrunetik begiratu ohi zaio, eta sarri hiriguneetarako migrazio handian eta garapenerako arazo sakonetan jartzen da arreta.
Ez dira asko Greenforest Foodsena bezalako istorioak. Nekazariei laguntzen diete beren laboreak hobetzen eta, batez ere, beren uzta baldintza onetan saldu ahal izateko aukerak topatzen. Hala, landa-guneetako biztanleak bizi-baldintza duinetan finkatzea dute xede.
Bestalde, ez da oso ohikoa lan hori landaketak eta ustiapenak ingurugiroarengan duten eragina horrenbeste zainduz egitea, agrokimikoak erabiltzea saihestuz eta, aldi berean, produktibitatea bultzatuz eta lur gehiago okupatzea saihestuz.
Athanasek kontatu zigun Greenforest Foodsek nola sendotu duen hainbat produkturen balio-katea; esate baterako, erleen argizariarena, eztiarena edo kakahueteena. Bada, horrek onurak ekarri dizkie Kenia, Tanzania eta Malawiko nekazari familia askori, bereziki idorrak eta gatazkara emanak diren Baringo eta Elgeyo Marakwet konderrietan.
Hizketaldi hori gurekin partekatzeaz gain, Radio Euskadiko eta Cadena Ser kateko bi irratsaiotan parte hartu ahal izan genuen. Podcast horien estekak utziko dizkizuegu:
Cadena Ser:
https://cadenaser.com/programa/2019/10/24/punto_de_fuga/1571942757_032403.html
Radio Euskadi (32. minututik aurrera)